XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELIZEN ARTEKO BIBLIA EUSKARAZ

Elizen arteko Biblia euskaratu eta argitaratu da.

Atzo aurkeztu zen, hain zuzen ere.

Ez da aipatu gabe uzteko moduko gertaera, noski.

Protestante eta katolikoek elkarrekin euskaraz argitaratu duten lehen biblia baita.

Aurkeztu ere Manuel de Luna, Artzain Ebanjelikoak eta Jose Mari Setien, Donostiako Gotzainak aurkeztu zuten, besteak beste.

Egia esan, Olabiderenaz gainera ez da Biblia osoaren euskarazko argitalpen asko egin izan.

Itun Berria eta Ebanjelioak jende gehiagok euskaratu izan ditu, jakina: Leizarraga, Duvoisin, Uriarte, Orixe, Kerexeta eta abarrek, alegia.

Gezurra badirudi ere protestanteak hasi ziren Biblia euskaratzen.

Hain zuzen ere, Pierre d'Urt, Donibane Lohizuneko apaiz anglikanoak ekin zion lan horri XVIII. mendearen hasieran.

Genesis liburua utzi zigun euskaraturik, besteak beste.

Itun Berrian ere protestanteek hartu zieten aurrea katolikoei.

Albreteko Joanna erreginaren aginduz eta dirulaguntzaz euskaratu baitzuen Leizarragak.

Elkarren lehian hasi ziren, bada, protestanteak eta katolikoak euskara lantzen.

Orduko Euskal Herrian beharrezkoa gertatzen baitzitzaien euskara, batak bestea menderatzeko eta bakoitzak bere erlijioa zabaltzeko.

Orain, ordea, elkarlanerako elkartu dira.

Denean berdin-berdin ulertzen ez duten Bibliaren itzulpen bakarra eta euskara bakarrean egiteko ados jarri dira.

Horretarako Bibli Elkarte Batuetako ordezkariek eta Iruñea eta Tutera, Baiona, Bilbo, Donostia eta Gasteizko Elizabarrutiek hartu behar izan dute elkar.

Argitaratzeko diru-laguntza ere Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Akitaniako Lurralde Kontseiluak eman diete.

Elkartasunerako exenpluaz gainera, liburu aberatsa eskaini digute Eliza desberdinen artean.

Erlijiozko bilduma bat da Biblia, noski.

Jainkoa da gai nagusia, jakina.

Baina gizakiaren eta gizadiaren esperientzia luze eta sakonaren ondarea ere bada.

Hortxe aurkituko ditugu gizakiaren betiko kezkak, galderak eta erantzunak.

Nahi den aldetik, erlijioaren bizikizunetik, historiaren, pentsabidearen, literaturaren eta abarren ikuspegitik irakur daitekeen liburu aberatsa da, beraz.

Euskara landu eta aberastu nahi duenak ere altxor paregabea izango du bertan.